XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iruñeko Eliz Auzitegiak erabaki zuen auzia, eta Ceberiori eman zion arrazoia, parrokoa eta kofradeak zorra ordaintzera behartuz gainera. Hala ere, hauek errekurtsoa jarri zuten kapituluetako batean zortziren bateko beherapena jasotzen zela argudiatuz, eta dagoeneko ordainduak zituztela 7.272 E. eta 9 mr., zorra kitatuz; halaber, Ceberiok eskatuta fabrikan lanean ari ziren ofizial bat eta peritu bat ere beren kontura ordaindu zituztela esaten zuten, hauen bien mantenurako gastuak bezalaxe. Bestalde, esaten zutenaren arabera, Ceberiok ez zituen eskatutako erremateak zein obraren hobekuntza-lanak egin.

Zoritxarrez, ez dugu Auzitegiak emandako behin-betiko erabakiaren agiririk, bai ordea 1767ko urriaren 11ko data daraman 11.562 E.eko ordainketa-karta bat, eraiketa-lanak ordaintzekoa. Alabaina, auzi honen bidez erretaula hauen historia aberasten duen hainbat datu atera dezakegu, sortze-prozesuaren esperientzia hobeto ulertzen lagunduko digutela.

Hauen artean, morfologia ezagutzeko interes handieneko erreferentzietako bat fabrika txiki hauek zutabe salomondarren ordena zeukatela jakitea da, ze alderdi hau ez dator egungo erretaulen egiturarekin bat, euskarri ildaskatuzkoak baitira. Honek zalantza bat zabaltzen du gaur egun eliza apaintzen duten altzarien kronologiaren inguruan, gorputz bakar batez osatuta baitaude hauek, ahurtasunez kurbatutako kaleak dauzkatela, basamentuaren gainean eta frontoi-zati batek errematatzen duen atikoaz.

Apaindura-tailarik ez da, baina honen ordez beranez urreztatuan apaingarriak biltzen dira. Hau dela eta, elementu adbentizioen garbiketa bat egin zela pentsa dezakegu, edota erretaula hauek Irazustak diseinatutakoen tokian jarri zituztela. Gure iritziz lehen posibilitatea da logikoena, zeren eta lehenxeago aipatutako berriari kasu eginez gero, baldintzen artean jasotzen baita Irazustak Alkizan trazatutako alboko erretauletakoak bezala eraikiko zirela pieza hauek, arkitekturari zegokionean bederen.

Izan ere, eredu hauek Alkizakoekin alderatzen baditugu, antzekotasun erabatekoa somatzen da, horma-konken kasuan izan ezik, zeren eta Anoetan errezeptakulu ateburudunak jarri baitira haien ordez. Alderdi honen inguruko ñabardura eginik, normala dirudi Kapituluak eta kofradeek horrenbeste apaintzekeko erretaulak nahiago izatea, ze Alkizakoak amaitu zirenetik hogeita bost urte baino gehiago igaro ziren, epe honetan zehar gustuak aldatuz, estetikak apaindura aldetik sotilago izateko bidea harturik baitzuen, elementu osagarriak alde batean lagata.

Arkitektura berdin-berdineko obra hauek osatzen dituen eskultura ere eskasa da. Arrosariokoaren aldarean aurreko erretaula bateko Ama Birjinaren irudia aprobetxatuko zuten (95. lamina), proportziogabea baita hormakonkaren neurriekiko, eta goiko aldean urrezko azpildurak dituen abade-abitu beltzez jantzitako santu bat jarri zuten.

Atributu pertsonal gisa liburu irekia darama, gezi bat eskuan eta txerri edo txakur bat oinetan, eta kanpaitxo bat ere bai lepotik zintzilik. Azkeneko bereizgarri pertsonal honek nahasketa sor dezake santuaren ikonografiaren inguruan. Alde batetik, gezia eta liburua San Gil ermitau eta abadearen ezaugarriak dira, txakurra ere izaten duelarik maiz.